XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

AINARA GAUR EZ DA AUTOBUSEAN ETORRI

Ni oso pozik joaten naiz ikastolara.

Baina txarrena goizean altxatzea da.

Ni ohean egoten naiz ederto-ederto eta aita etortzen da eta altxatzeko esaten dit, eta beti berdin, berandu dela.

Orduan nik esaten diot: Baina, aita, mesedez, oraindik ez dut nahikoa lo egin.

Orduan berak kilikiliak egiten dizkit eta esaten dit bera Tarzan dela eta ni Txita, eta bere besoan eramaten nau komunera txiza egitera.

Aitak esaten dit: Ez maitea, txiza eginda egoten da eta guk bota egiten dugu.

Eta nik komunean txiza botatzen dut.

Askotan esnea oraindik berotu gabe egoten da eta ni bitartean egongelako sofan etzaten naiz.

Beno ez, aurrena telebista pizten dut.

Ordu horretan Pif eta Herkules egoten dira, nire gustoko marrazki bizidunak, baina nik askoz nahiago dut Mofli, azken koala.

Gaur goizean aita etorri denean, galtzontzilo hutsik zegoen, eta nik begiratu eta esan diot: Aita, zertarako daukazu galtzontzilo erdian poltsiko bat?

Eta berak barre egin du, eta amari begiratu dio, eta amak ere barre egin du niri begiratu gabe.

Sofan nengoela, egongelako argazki batzuk ikusi ditut.

Ama txuri-txuri dago eta aita beltz-beltz eta gorbata batekin.

Eta argazkietan jende gehiago dago.

Aitak esan dit beren ezkontza dela eta nik galdetu diot: Eta ni, zergatik ez nago ni?

Eta berak atzera barre egin du.

Baina ama ez zegoen han eta ez dio begiratu.

Amak Mofliren kamiseta jantzi dit.

Niri Mofliren kamiseta asko gustatzen zait.

Baina ama gero apur bat haserretu egin da.

Gaur ez dit laztana esan.

Gaur esan dit: Ainara, edan ezazu esnea!

Eta nik ez nuen edan nahi.

Eta ama horregatik haserretu da eta telebista itzali du.

Baina niri ez dit inporta.

Gero Iñigok kontatuko dit gaurko kapituluan Mofliri zer gertatu zaion.

Niri Iñigo gustatzen zait.

Baina Ebak esan dit Iñigo berea dela.

Ebak ez daki Iñigo niri ere gustatzen zaidala.

Horregatik, nire nobioa Eder da, baina Ederrek ere ez daki ezer.

Hori sekretu bat da.

Eder zozoa da eta ez dit musurik ematen, baina nik berarekin konformatu behar dut Iñigo Ebarena delako.

Iñigo eta biok autobusean joaten gara ikastolara.

Eta baita Jon, Miren, Ainhoa eta Edurne ere.

Baina gaur ez gara autobusean etorri, gaur gauza asko gertatu dira eta guk primeran pasatu dugu.

Lehenago ez dut esan, baina gurekin andereño Joxepa etortzen da autobusean.

Nik oso ondo pasatzen dut berarekin.

Andereño Joxepak esaten du etxeko kantak ikasteko.

Eta nik buruz ikasten ditut.

Aurreko Gabonetan mikrofono bat erregalatu zidaten eta nik kanta asko abestu nituen: Jon Braun; Goiko mendian edurre; Bat, bi, hiru, lau; eta abar.

Baina gaur goizean beste kanta bat abestu dut.

Bizkaiko bazter baten
Anboto partean
Gizon bi bizi ziren
Baserri batean.
Gizon biak ziraden
Peru eta Anton
Euren aldi guztian
Biziak Anboton.
Goizean sartzen ziren
Tabernako atean
Ez eben alde egiten
Bihamun artean

ALTXATU.- Jaiki. Levantarse.

EDERTO-EDERTO.- Oso ongi.

KILIKILIAK EGIN.- Hacer cosquillas.

TXIZA EGIN.- Pixa egin.

EGONGELA.- Egon+gela. Sala de estar.

Era berean: logela, jangela, ikasgela...

ETZAN.- Tumbar(se).

MARRAZKI BIDIZUN.- Dibujo animado.

ATZERA.- Ostera, berriz.

LAZTAN.- Maitea, kuttuna.

PRIMERAN.- Oso ondo.

BURUZ IKASI.- Aprender de memoria.

GABONAK.- Eguberriak. Navidades.

BAZTER.- Lekua, tokia.

EUREN ALDI GUZTIAN.- Bizitza osoan. Toda su vida.

EBEN.- Zuten (Bizkaieraz).

BIHAMUN ARTE.- Hurrengo egunera arte. Hasta el día siguiente.